• Emakumeari  esker  euskararen  egunean

    Emakumeari esker euskararen egunean

    Politikan aritzeaz gain, Kala Beltza emakume abertzalearen gogoeta taldeko kide ere banaiz. Gaurko egunean taldeko beste kideekin batera euskal emakumeak hezkuntza eta prestakuntzari dagokionez historikoki eduki dituen zailtasun eta oztopoak  kontuan harturik, emakumeak euskarari, euskara biziberritzeari egin dion ekarpenari aitzortza egin nahi diogu, duela 210 urte lehen aldiz euskaraz idatzi eta liburua argitaratu zuen emakumeari eskerrak eman nahi dizkiogu.

     

    EMAKUMEARI ESKER EUSKARAREN EGUNEAN
    Eskutitza Bizenta Antonia Mogel-i 2014 urteko Euskara­­ren Egunean.

    Bizenta ezezagun hori,

    1782an jaio zinen Azkoitian, baina destinuak Markinara eraman zintuen osaba Juan Antonio Mogel apaiz eta idazlearen etxera, neba eta biok aita galdu baitzenuten artean ume zinetela.
    Osaba apaiz eta idazle zenu­en, euskararekin erabat konprometitua gainera. Ez hori bakarrik, izan ere, Frantziako iraultza osteko urte haietan jazarpenetik ihesi zebiltzan iparraldeko apaizak etxean hartu baitzituen. Etxean jasotako apaiz gizon haietako batean oinarritu zuen hain zuzen ere bere lan bikain eta ederra den ‘Peru Abarka’, zeinbaitzuk gure literaturaren lehen nobela­tzat (beste askok nobela saiakeratzat) daukatena.
    Ez zenuen beraz nolanahiko osaba izan, ez horixe: Juan Antonio Mogel handia, zure adimen eta prestutasunaz be­rehala jabetu zena, literaturarekiko grinean hezi zintuena, latina erakutsi zizuna, zure idazle bidean lagundu eta babestu zintuena. Euskaraz ekoiztutako literaturan hazi zintuena. Jakinda sortu zinen XVIIIgarren mendearen amaierako urte haietan, neska eta emakumeen hezkuntza eta pres­takuntza susmopean zeudela. Gizon ausarta, aparta zu­re osaba Juan Antonio Mogel.
    Jakingo duzu euskaraz idatzi duen lehen emakumetzat zauzkagula XXIgarren mendeko gure Euskal Herri honetan. Dagoene­ko 210 urte bete dira zure lehen lana idatzi eta argitaratu zenuenetik. ‘Ipuin Onac’ deitu zenion latinez idatzita zeuden Esoporen 50 alegiak euskaratuz osatu zenuen bildumari.
    Arrakasta izan omen zuen gainera zure ‘Ipuin Onac’ liburuak, hainbat aldiz birrargitaratua izan zen eta. Idazle izateagatik esplikazio gehiegitxo eman behar izan zenuela irakurri dizugu, zeure lehen liburu hartan bertan garaiko Euskaldun Irakurleari zuzen­tzen zatzaizkionean zure burua zuritzen saiatzen baitzara, ikasia eta idazlea izateagatik, idazteko eta argitaratzeko grina eduki eta gogo hori gauzatzeagatik.
    Gipuzkeraz idazten zenuen arren, bizkaitarra antzematen zaizu zure euskaran. Gaur egun, euskara batuan idazten dugu batez ere. Euskararen bilakaera handia izan da zure garaitik.
    Euskararen Eguna ospatuko dugu gaur eta horrexegatik idatzi dizut gutuna. Aurten zuri eskerrak ematea otu zait. Mila esker zure euskararekiko begirunearengatik; euskaraz idazteko gogoarengatik; euskara bigarren mailako hizkuntza zen garai haietan, emakume izateak kulturaren ateak mugatuta zeuzkan garai hartan oztopo guztien gainetik euskaraz idaztea eta argitara­tzea lortu zenuelako. Euskara etorkizunekoen­tzat erein ze­nue­lako.

    Zorione Etxezarraga eta Kala Beltza emakume abertzalearen gogoeta taldeko beste 8 kideak  

    http://www.kronika.net/albisteak/astigarraga/albistea/2014/12/03/80898dd246774/emakumeari-esker-euskararen-egunean/

    Utzi zure erantzuna →

Utzi zure erantzuna

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies