• Parekidetasuna,  justizia  kontua

    Parekidetasuna, justizia kontua

    Atzokoan ere urtero bezala martxoaren 8a ospatu dugu.

    Asko dira, gizon zein emakume, urteurrenaren garrantziaz jabetuta daudenak, baina asko dira, gizon zein emakume, oraindik ere emakumearen edozein aldarrikapen asperduraz bizi dutenak. Publikoki aitortuko ez badute ere. Askok ez du ezagutzen edo ez du onartu nahi nola borrokatu izan behar duen emakume askok egungo emakumeok jaiotze hutsarekin bakarrik hiritar oso izan gaitezen: Hezkuntzan, prestakuntzan, lanean, osasun arloan, erabakitzeko eskubidean…

    Ez baitzaigu emakumeoi sekula ezertxo ere oparitu, ez horixe. Poliki eta asko kostata konkistatu behar izan dugu gure duintasuna, bai izaki indibidual bezala zein gizarteko kide aktibo izateari dagokionez.

    Martxoaren 8an gogoratzen dugu adibidez New Yorkeko Triangle Shirtwaist enpresan emakume langileek itxialdia egin zuteneko gertaera latza, izan ere lan baldintza duinak eskatuz  protesta egiteak euren heriotza eragin baitzuen. Emakumeak oso latz izan du historian zehar, edozein izanik ere erregimen politikoa, status ekonomikoa edo maila soziala…

    Autokritika ere eginez: zenbat emakumek entzun behar izan du beste emakume batengandik ‘eta nola moldatzen zara ba lana eta familia uztartzerakoan? umeek denbora asko eskatzen dute…’ edo beste hau ‘bai senar zoragarria zurea, nola laguntzen dizun…’ Emakumeok  batzutan geurekiko zein enpatia eta konplizidade gutxi daukagun…

    Oraindik ere ez dira emakume izateko modu desberdinak onartzen eta errespetatzen. Esparru publikoan erabakitze postuetan oraindik ez dugu emakumeok gure prestakuntza isladatzen. Ikustea besterik ez dago politikan adibidez, kostatu egiten zaigu emakumeari bozka ematea, emakumeei agintea aitortzea. Oraindik ere gizonezkoa da alderdi politikoetan nagusi, eta kuota sistema ezarri da balio handia duten baina oraindik lehen lerroan jartzen ausartzen ez diren emakumeak azaleratzeko. Ez prestakuntza nahikoa ez daukatelako (askok halakoa insinuatzen duen arren), gaur egun prestakuntza antzekoa baitugu gizon emakumeok. Ereduak eta konpromisoa falta direlako baizik… horregatik emakumeari oraindik lagundu egin behar zaio politikan parte hartzeko pausoa eman dezan.

    Helburu horrekin ezarri zuen legebiltzarrak kuotaren betebeharra. Baina kuotarena ere gaizki ikusten da. Balio duena iritsiko dela inork lagundu gabe eta kuotarekin instituzioak emakume floreroz beteko omen zaizkigula… pentsamolde  injustu eta onartezina guztiz…  Arlo publikoa, guztion diruarekin sostengatzen den eremua izanik, parekidetasuna ezinbestean bermatuko den eremu eredugarria bilakatu beharko genuke. Gizartea gizon eta emakumez osatua dagoelako eta bien ala bien ikuspuntua eta beharra dagoelako. Justiziazko printzipioa delako. Baina guztiok ez daukagu printzipio hau barneratuta.

    Zein gizarte eraiki nahi dugun halako neurri eta erabakiak hartuko ditugu, unean unekoak, guztion hobe beharrez ezarriko ditugunak. Justizian oinarritutako gizartea eraikitzeko borondatea eta eskuzabaltasuna ez dira aski, gizarte solidario eta justuaren ardatza legeetan dago.

    Utzi zure erantzuna →

Utzi zure erantzuna

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies